XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Baina zuk dantza egingo duzu noski - esan zuen, berehalako etorkortasunez Leorengana jiratuta - .

Eskaiozu norbaiti hau zurekin dantzatzeko.

Jaiki zen Leo, haserre, eta gelan barneratu zen.

Yvette leun eta urrun geratu zen bere txundiduran.

Leok ezkon-proposamena egingo ziola uste!

Rover ternu-zakur zaharrak ezkon-proposamena egingo ziola uste izatea bezala.

Konprometitu, munduko edozein gizonekin ere?

Ez, arranetan, gauza itxuragabeagorik ez zitekeen imajina!

Orduan ohartu zen, zehar-pentsamendu bizkor baten eraginez, ijitoa bazela.

Instanteko, amorruz bete zen.

Hura, zein eta hura!

Hura!

Ezta inola ere!

- Baina zergatik? - galdetu zion bere buruari, berriro txundi eta mutu - .

Zergatik?

Guztiz ezinezkoa da hori: guztiz ezinezkoa!

Zergatik orduan?

Ez zen korapilo samurra askatzen.

Mutilei begiratu zien dantzan ari zirela: ukondoak kanpoaldera, mehaka irtenak, gerria dotore sartuta.

Ez zioten aztarnarik eman bere arazoarentzat.

Baina bereziki desatseginak zitzaizkion gerrien dotorezia behartua eta mehaka irtenak, zeinen gainera erortzen baitziren txaketa ongi egituratuak txukuntasun emetu batekin.

- Badut nik horiek ikusten ez duten eta inoiz ikusiko ez duten zerbait - esan zion haserre bere buruari.

Eta aldi berean lasaitu egin zuen ez zutela ikusten eta ez zutela ikusiko jakiteak.

Askoz errazagoa bihurtzen zuen horrek bizitza.

Eta berriz ere, irudi bidez pentsatzen duten pertsona horietakoa zenez, ijitoaren galtza beltzen goiko jertse berde iluna, haren mehaka fin, bizi, begiak bezain erneak ikusi zituen.

Haiek dotoreak ziren.

Dantzari hauen dotoretasunak hain zirudien puztua: haragi hutsez beteak mehakak.

Berdin Leo, bere burua hain dantzari iaiotzat, hain itxura ederreko mutiltzat zeukana!

Eta ijitoaren aurpegia ikusi zuen: sudur zuzena, ezpain lirain mugikorrak, eta begirada sarkor adierazgarria begi beltzetan, zeinek bai baitziruditen Yvetteren gune bizi, deskubritu gaberen batera tirokatzen zutela, huts egin gabe.